2016/09/15

Roald Dahl oroitzen / Recordando a Roald Dahl

100 urte pasa dira Dahl idazlea jaio zenetik eta data berezi hau aprobetxatuz, bere bibliografia eta biografia gogoratzea nahiko nuke.


Roald Dahl 1916ko irailaren 13an jaio zen Galesen, Llandaff herrian. Dahlek bi liburutan eman zuen bere bizitzaren lehen urte haien berri: "Boy. Tales of childhood" (1984) eta "Going solo" (1986). Lehendabizikoa mutil kozkorra zeneko oroitzapenen kronika da. Bigarrengoan eskolan izandako esperientzia gogorrak kontatzen dizkigu.

Izan ere, Repton herriko barnetegi batean ikasi zuen Dalh-ek, eta irakasleen mendeku sadikoak bere larruan sufritu zituen. Barnetegi hartan bizitakoaren eraginez, Dahlek helduek umeekin izan dezaketen krudelkeria salatu zuen beti. Salaketa hori maiz ageri da bere ipuinetan.
Eskola utzita, Dahl gazte abenturazalea Shell Oil petrolio enpresan lanean hasi zen. Shell Oil-ekoek Afrikara bidali zuten, eta kontinente beltzean hamaika abentura izan zituen: krokodriloak, safariak, oihanean bizitzea… Malaria ere harrapatu zuen.
Hegazkin pilotu 
II. Mundu Gerra lehertu zenean, Royal Air Force (RAF) aire armadan izena eman zuen, eta gerra pilotu aritu zen. Hain zuzen, Saturday Evening Post-eko orrialdeetan, erritmo biziz deskribatu zituen borrokaldi haiek guztiak.  
1942an "Gremlins" izeneko lehen liburua idatzi zuen Dahlek, eta ondoren etorri ziren "Someone like you" (1953), "Kiss, kiss" (1959) eta "Switch bitch" (1974). Hor hasi zen irudimenez betetako ekoizpen oparoa.
Genero gehienak jorratu zituen arren, Roald Dahl haur literaturari egindako ekarpenagatik da ezagun. "Charlie and the chocolate factory" (1964), "The magic finger" (1966), "Matilda" (1988), "Tales of the unexpected" (1979) eta "The complete adventures of Charlie and Mr. Willy Wonka" (1978) dira bere liburu aipagarrienetako batzuk.
Bere ipuin eta nobeletan, Dahlek pertsonaia eta mundu harrigarriak sortu zituen, baina, hala ere, bere inguruko errealitatearen printzak tartekatzen zituen unibertso surrealista horietan. Maiz, bere ipuinek ukitu krudel eta groteskoa dute, eta pertsonaiek bigarren izaera bat ezkutatzen dute jendearen aurreko itxura ofizialaren atzean. Horrexegatik, zer pentsatua ematen duten istorioak dira beti.
Baita zineman ere
Zinemak ere asko zor dio Dahli. Batetik, "You only live twice" (1967) eta "Chitty Chitty Bang Bang" (1968) filmeen gidoiak egin zituen, eta bestetik, zuzendari askok eraman dituzte pantailara Dahl-en lanak. Hain zuzen, hil honetan estreinatuko da "Charlie and the chocolate factory" ipuinaren zinema egokitzapena, Tim Burton zuzendariaren eskutik. Roald Dahl 1990eko azaroaren 23an hil zen, leuzemiak jota.
Gaztezulo.eus web orrialdetik aukeratua

Biografia       Bibliografia       Artikuluak     Webgune ofiziala     Bideoa   

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina